LAZARRAGAREN BIZITZA
​
Arabako Larreako dorreko jauna izan zen, eta “poeta” izengoitiarekin ezagutu da. Lazarragatarren leinukoa zen, hots arabar noblezia txikiko familia ezagunekoa. Gebaratarren itzalean garatu zen familia, eta, Oñatiko jatorrizko oinetxetik abiatuta, erroak ondo finkatuak zituen Arabako ekialdeko lautadan 1439az geroztik.
​
Gurasoak, Pedro Perez Lazarraga eta Elena Saez Erdoña, 1546ko urriaren 7an ezkondu ziren, eta aitaren bigarren ezkontzako bidezko bost seme-alabetatik lehenengoa Joan izan zen. Gervasio Di Cesare ikertzaileak bildu dituen datuen arabera, 1547aren bukaeran edo 1548aren hasieran jaio bide zen, ziur aski Erdoñan. Lehen haurtzaroa Ozetan egin zuen, eta gurasoak 1562 inguruan aldatu ziren Erdoñara. 1567an Madrilen zegoela dirudi.
​
Katalina Gonzalez Langarikarekin ezkondu zen, 1575ean, Arriolan. Katalinaren izeba (Ana Gonzalez Langarika) hain zuzen idazlearen izen bereko osabarekin ezkondua zen, baina seme- -alabarik gabe, eta, dirudienez, horien ondoretzari bidea emateko atondu zen loben arteko ezkontza. Ziur aski orduan hartu zuen idazleak Larreako dorrearen ondoretza, eta 1576an aldatu zen hara.
​
Bi seme-alaba izan zituzten, Agustin eta Maria; semea izan zen Larreako dorreko hurrengo jauna, eta alaba Juan Belasko Galarretarekin ezkondu zen.
​
Joan Perez Lazarragak kargu publikoak izan zituen bere eskualdean: Erdoñako elizako maiordomoa (1572), Barrundiako Ermandadeko alkatea eta Barrundiako prokuradorea Arabako Batzar Nagusietan (1581-1584). Batzar Nagusietako akta batean (1583-11-19ko akta) aipatzen da hain zuzen Valladolidera joana dela “a sus negocios”, eta, han dagoela aprobetxaturik, probintziaren izenean izapide batzuk egiteko eskatzen zaio.
​
1605eko apirilaren 11n eman zuen testamentua (berriki Gervasio Di Cesarek argitaratua), gaixorik zela, eta biharamunean hil zen.
