top of page

Edizio eta aleak

Bordelen argitaratu zuen Etxeparek 1545ean. Oihenarten esanetan, bigarren argitarapen bat ere izan zuen liburuak, Adrien Morronten etxean (XVII. mendearen hasieran, hortaz), baina ez zaigu honen beste berririk iritsi. René Lafonen ustez, beharbada lehenago izan zen edizio laburrago bat, erabat galdua; hori pentsarazten dute, besteak beste, kantuen arteko grafia ezberdintasunek.

Liburuak ez omen zuen zabalkunde handirik izan, eta ez zaigu heldu ale bakarra baizik, Parisko Liburutegi Nazionalean gordeta dagoena.

​

Edukiak

Testuak 31 lerroko hitzaurrea du eta  15  silabetako 14  poesia edo bertso ditu, behe-nafarreraz idatziak, euskalki hori herri xeheak erabiltzen zuen bezalaxe baliatuta.

Etxepareren metrikak latinezko Erdi Aroko poesian ditu erroak. Hamalau  kantu edo poesiatatik,  lau izan ezik, guztiak dira zesurak erdibitutako zortzi eta zazpi silabako bi hemistikioz osatuak.

​

Amodiozko bertsoetako batek honela dio:

​

Munduyan ezta gauzaric
hayn eder ez plazentic
Nola emaztia guiçonaren petic
buluzcorriric;
Besso biac çabalduric
dago errendaturic,
Guiçonorrec daguiela
harçaz nahiduyenic.

     

​

Munduan ez da gauzarik 

hain eder ez atseginik

 nola emaztea gizonaren petik

 biluzgorririk [izatea]; 

beso biak zabaldurik

 dago errenditurik,

 gizon horrek dagiela [egin dezala]

 hartaz nahi duenik.

OBRA

​

Linguae Vasconum Primitiae izenburuak berak adierazten du: "Euskaldunen hizkuntzaren hasikinak (lehen fruituak)". 1545ean argitaratu zen Bordelen. Lau zati bereiz daitezke, sarreraz gain:

  • Erlijio-gaiak

  • Amodio-gaiak

  • Bere buruari jarriak

  • Euskararen goresmenezko bi kantu: Kontrapas eta Sautrela

    • Ikus. letrak​ (PDFa)

Liburuan diren testuen kopurua eskasa izanik ere, (hamalau poema besterik ez, orain arte XI. poema gisa genuena, berez, X.aren bukaera besterik ez da), eta poema bilduma bakarra argitaratu izan bazuen ere (horrek literaturan eginiko lanaren urritasuna erakusten du), egileak idatzitakoa euskarazko lehena ez bada, lehenetarikoa dela pentsa daiteke.

​

KRITIKA

​

Herri-olerkaria da Etxepare. Horrekin, herritar arruntarentzat idazten duela esan  nahi dugu. Irakurtzen ere ez zekiten herritarrek kantatzeko moduko olerkiak paratu zituen, doinu ezaguneko neurrian kantatzeko, hain zuzen.  Maitasun-gaiak naturaltasun osoz erabiltzen ditu, gaztelaniazko literaturan Alfontso X.aren Cantigas izeneko obratik hasita, Juan Ruiz Hitako artzapezaren El libro de Buen Amor  garaiko obrak arte antzeman daitekeen naturaltasun berarekin. Izan ere, Europan Erdi Aroan zabaldu zen lirika gortesau idealistatik urruti dago Etxepareren lirika profanoa; maitasun-harremanen plazerak, naturaltasun osoz, platonismo-arrastorik gabe, azaltzen ditu.

​

Garai batean gutxietsia izan da Etxeparek egindako lana, zenbait arrazoi tarteko:

  • Amodio-gaiak erabiltzeko freskotasun edo naturaltasun hori; hain zuzen, onartezina bihurtu zen Trentoko Kontzilioaren ondoren.

  • Etxeparek aukeratutako bide herrikoiak neurri eta errimetan akatsak zeuzkan Errenazimenduko haize berriek eskatzen zuten poetika berriaren ikuspegirako. Oihenarten kritika da horren lekuko.

  • Askatasuna goraipatzen duen poema autobiografikoan, Bernart Etxeparek kontatzen du Bearnon espetxeratua izan zela, Nafarroako erregeari traizio egin izanaren salaketa faltsua jarri ziotelako.

​

Andres Urrutiaren ustez:

Egoera horretan, euskararen bultzadarik ere izango da literatura-arloan, baina egoerak eite berezia izango du inguratzen duten hizkuntzekiko. Etxeparek euskalkitan zatiturik eta ofizial ez den hizkuntzan idazten du, lurralde eta politika izate desberdinetan banaturik den herrialdean. Hori dela eta, hizkuntzaren aukeraketa erabakigarria da idazleak idaztean izan duen asmoa aztertzeko. Aukeraketa hori ez da berezkoa, ez da oharkabean egina, oso ondo pentsatua eta arrazoitua baino, liburuaren hasieran, Erregeren abokatu zen Bernard Leheteri eginiko eskaintzan ageri denez:

"... inprimiturik heuskarara, orano izan eztena, eta zure hatse honetik dadin aitzinerat augmenta, kontinua eta publika mundu guzietara eta baskoek, berzek bezala, duten bere lengoajian eskribuz zerbait doktrina, eta plazer hartzeko, solas egiteko, kantatzeko eta denbora igaraiteko materia, eta ginen direnek gero duten kausa oboro haren abanzatzeko." (1995: 79)

/div>

Aipamen hori, A. Urrutiaren ustetan (1996: 89) XVI. mendeko euskararako egiazko hizkuntza-politikarako osagaiak dituen testu luzeago baten zatia baino ez dugu, non Etxepareren euskararekiko iritziari buruzko lau ezaugarri nagusi azpimarratzen baitira: lehendabizi, euskaldunon gaitasuna zientzia eta letretarako; bigarrenik, beste ezein hizkuntza bezain gai izateko kultura bide legez idatzia behar duela izan; horrez gainera, Etxeparek tresna legez hartzen du hizkuntza, euskaldun hiztunentzat baliagarri izango den euskal korpus linguistikoa osatzeko; eta bukatzeko, normalkuntzarako asmo argia ageri du, hau da, gaur egun egoera diglosikoa deituko genukeena gaindituko lukeen erabilera usurako gunea. Asmo garbia du idazleak euskara aukeratu duenean. Inprentaren aurrerapen ahalmena eta teknikaren garrantzia onartzen ditu, garaiko humanistek bezala. Aurrerapena hizkuntzaren zerbitzura jartzen du, mundu guztira heda dadin eta, kulturarako eta zientziarako hizkuntza ere bihur dadin, ordura arte gertatu ez zen bezala. Hizkuntzari buruzko ardura eta asmoak Errenazimenduko gizonarenak dira, ez Erdi Aroko idazlearenak, zenbait adituk adierazi izan duten bezala. A. Urrutiaren ustez, Etxepareren lana hurbilago zatekeen Erdi Arotik Errenazimendurik baino, herri xeheari zuzenduak beraz, erritmo eta azalpen erraz eta errealistak erabiliz eginak ziren neurrian. Iturria: Auñamendi Eusko Entziklopedia

​

  • Grey Twitter Icon
  • Grey Facebook Icon
  • Grey Google+ Icon
  • Grey Instagram Icon
bottom of page