Lazarragaren eskuizkribuaren aurkikuntzarekin ondorio hauek atera daitezke:
​
-
Euskal literatura idatziaren lekukoak Hegoaldean ere aspaldikoak dira, bai olerkian, bai prosan.
​​
-
Baliteke euskal literatura idatzia ez izatea uste bezain urria eta berandukoa. Beste kontu bat da argitaratua izatea ala ez, baina pentsatzekoa da euskaldun leinargi (=noble) eta kezkatuen artean bazegoela, idazteko orduan, inguruko herrialdeetan bezala, ongien ezagutzen zuen ama-hizkuntzaz baliatzen zen idazlerik.
​​
-
Ez dirudi, gainera, euskaldunen alfabetatuen kopurua, erlatiboki, erdaldunena baino murritzagoa zenik, kontuan hartzen badugu Nafarroako, Gaztelako eta Frantziako gorteen zerbitzura idazkari-lanetan jardun zuten euskal idazkarien kantitate handia.
​​
-
Hizkuntza erromanikoen ondoan eta haiekin borrokan iraun beharrak, euskal literaturaren irudi distortsionatua ematen digu. Izan ere, euskararen mundua ezin izan zen komunitate gisa konfiguratu, goizegi hasi baitziren alboko hizkuntza eta kulturetako talde indartsuak Euskal Herrikoaz jabetzen eta beren legeak ezartzen.
-
Ez dugu ahaztu behar, hala ere, latinaren eta haren segidako hizkuntza erromanikoen aukera euskaldunek berek ere egin zutela sarritan. Garai hartan, errazagoa zen, nolabait esateko, latinaren alde egitea, norberaren hizkuntzan idaztea baino.