AXULARREN GERO OBRA: MAISULANA
​
Hizkuntza guztiek dute beren literaturan eredu den idazleren bat: Cervantes du gaztelaniak, Shakespeare ingelesak, Dante italierak, etab. Askoren ustez, Axular da gure literaturaren eredutzat hartzeko modukoa, Gero maisulana dela uste baitute. Bost ezaugarri eskatzen zizkion Luis Villasante adituak maisulan bati, eta bostak betetzen dituela uste zuen:
​
-
Aspalditasuna: hiru mende eta erdi pasatuta, etenik gabe idazle askok goraipatu dute, gaur egun arte, Axularren lana. Denborak ematen duen ikuspegi luzetik begiratuta, handi izaten jarraitzen du haren lanak. Joanes Etxeberri Sarakoa, Larramendi, Añibarro, Intxauspe, Luis Lucien Bonaparte, Julio Urkixo, Resurrección Maria de Azkue, Orixe, Lafitte, Juan Mari Lekuona, Luis Villasante, Ibon Sarasola...; horiek guztiak eta gehiago ere badira haren obraren miresle.
​​
-
Originaltasuna: itzulpenak eta kopiak ez dira, noski, originalak. Maisulan batek herri baten eta haren hizkuntzaren fruitu jatorra izan behar du. Hizkuntza horretan pentsatua eta ernea, bai mamiz, bai azalez.
​
Egia da Gero obra zitaz edo aipuz beteta dagoela. Dena den, oso ongi ekarriak eta itzuliak dira, eta bere argumentazioaren harira ezin hobeto bilduak. Ez dago zalantza-izpirik, halaber, Fray Luis de Granadaren Guía de Pecadores liburuaren itxura ere baduela, jorratzen duen gaiari dagokionez. Horrek guztiak ez dio, baina, originaltasunik ahultzen. Izan ere, idazleak berak aitortzen du bere lana burutzeko hainbat autore izan dituela begien aurrean. Euskaraz berak taxutu eta garatu duen lan mardula da eta horrek bermatzen du originaltasuna.
​
-
Mami baliotsua: kristau-ikasbidearen erdigunean kokatzen da gaia. Bizitza jainkoaganako bidea da, hura baita kristauaren helmuga. Bide horretan nagikeriak edo eginkizunak geroko uzteak egiten duen kalteaz dihardu liburuan zehar. Kontrarreformaren ildotik, zuzen jotzen du Erreforma protestantearen aurkako tesiak garatuz. Herriaren ahotik jasotako atsotitzek ere Axularrek irakatsi nahi duenaren betikotasuna bermatzen dute.

-
Forma ederra: literaturaren aldetik, forma lirain, txairo, malgua eta hizkera bizia, gatz eta piperduna eskatzen zaio maisulan bati. Handik eta hemendik jasotakoak bere errotan eho ondoren eskaintzen dizkigu, ideia batetik bestera, bortxarik gabe, berez pasatzen delarik. Erdi mailako jendearentzat idazten du, perpausak modu orekatuan kateatuz, irakurlearen arreta etengabe irabaziz. Hitzen, hotsen eta egitura sintaktiko paraleloen errepikek, aliterazioek eta galdera erretorikoek ere, gaiak berak izan lezakeen astuntasuna arintze aldera jarriak dirudite.
-
​​Hizkuntza egokia: euskara ederki daki eta euskal mundua ondo ezagutzen du Axularrek. Hori frogatzen du atsotitzen erabilera ugari eta egokiak; baita sinonimoen pilaketak ere, Euskal Herri osoan ulergarri izan zedin bere lana. Hitz-jokoek, errefrauek, umore-kolpeek, denek dute euskal kutsua. Euskararen sena duenak ehundutako (sortutako prosa erretorikoa eskaintzen digu Axularrek, prosaren tratamendu estilistikoan maisu dela frogatuz. Lapurtera klasikoan idazten du.
GERO OBRAREN PASARTEA
​
Egun batez, konpaiñia on batean, euskaldunik baizen etzen lekhuan nengoela, ekharri zuen solhasak, izan zen perpausa, etzuela, deusek ere hanbat kalte egiten arimako, eta ez gorputzeko ere, nola egitekoen geroko utzteak, egunetik egunera, biharretik biharrera luzatzeak. Eta on zatekeiela, gauza hunetzaz liburu baten, euskaraz, guztiz ere euskararik baizen etziakitenentzat, egitea: eta hartan, gero dioenak bego dioela erakustea. Konpaiñia berean galdegin zen berehala, ea nori emanen zeikan liburuaren egiteko kargua. Eta bertze guztien artetik, hasi zeizkidan niri neroni aditzera emaiten, lehenbizian kheinuz eta aieruz, eta gero azkenean, klarki eta agerriz, nik behar nituela, egiteko hartan eskuak sarthu. Ordea nola ezpainintzen neure buruaz fida, desenkusatu nintzen ahal bezanbat. Baiña alferrik, zeren hain zinez eta batetan lothu zeizkidan, non ezetz erraiteko bide guztiak hertsi baitzerauzkidaten. Eta hala deliberatu nuen, buru-eragotzkarri bezala, liburutto baten, bi partetan partiturik, gero hunen gaiñean egitera.
​
​
Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: zure produktibitatea hobetzeko metodoen oinarriak eta tresna digital lagungarriak (Online. Martxoak 2)
​